Martxoak
15
Marzo
2024
18,00 H.
Doako sarrera
Entrada gratuita
AULA / GELA
Liburu Aurkezpena
Ione Zuloaga Muxikaren eskutik
1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten EMAKUMEAK Gipuzkoako kasua
Liburua, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatu eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketaren emaitza da.
Ione Zuloaga Aranzadi Zientzia Elkarteko historialariak burututako ikerketa lau ataletan dago banatuta. Lehen atalean, Bigarren Errepublika garaian emakumeek eginiko aldarriak eta haien irudiaren inguruko aldaketa azaltzen da. Aipatutako atalean, Emakume Abertzale Batzaren sorreraren, lehen emakume alkateen, 1934ko iraultzan parte hartu zuten emakumeen …. inguruko azalpenak ematen dira, espazio publikoaren konkista gisa ulertuz. Bigarren atalean, estatu kolpearen eta gerra testuinguruan, emakumeek frontean izandako papera, erbesteratzeak, kanporatzeak eta erizain eta amabitxi bezala egin behar izandako lanak aipatzen dira, besteak beste.
Jarraian, emakumeen aurkako zenbait errepresio mota biltzen dira, hala nola, errepresio ekonomikoa, lan-kanporatzeak, errepresio sexuatua (ile mozketak, bortxaketak…), kartzelaratutako emakumeen egoera, fusilamenduak eta alargunen lutoaren ukazioa. Azken atalean, Bigarren Mundu Gerran zehar nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako hiru emakumeren kasua jaso da.
Ione Zuloagaren azterlana ibilbide luzeko hiru ikerlariren lanek osatu dute. Bartzelonako Unibertsitateko Queralt Solék ikuspegi historikotik aztertu ditu emakumeen rola eta egoera gerrateetan, ikusezin bihurtutako biktima gisa. Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria den Enara Garrok genero indarkeria aztertu du testuinguru hartan, eta hari nola egin zitzaion aurre, nazioarteko eta Europako eskualdeetako ikuspegi batetik. Eta azkenik, Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia saileko Lourdes Herrastik emakumeen gorputzean errepresioak izandako eragina aztertu du, gerra garaiko eta gerra osteko errepresio sozial eta politiko orokortuaren esparruan, emakumeen aurkako umiliazio eta iraina bilatzea helburu zuen irudiaren eraso eta gorputzen jabetza, bortxaketa eta heriotzekin.
*******
Ione Zuloaga Muxika
1995, Azkoitia. Aranzadi Zientzia Elkarteko historialaria, Historian Graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean eta Historia Garaikidean espezializatua unibertsitate berean.
2014tik hainbat udara egin ditu indusketa arkeologikoetan murgilduta: Aduna-Asteasu-Zizurkil (Saseta Defentsa Sistema), Amaiurko gaztelua, Zalduako erromatar galtzada eta Irulegiko gaztelua. 2017az geroztik, Aranzadi Zientzia Elkarteko Memoria Historikoko taldearekin 1936-1959 tokiko historia berreskuratzen dihardu. Argitalpenen artean: Alegia 1936-1945, Getaria 1936-1945, Zegama 1936-1945, Zestoa 1936-1945 ditu. Horrez gainera, orain gutxi, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak, Gipuzkoako kasua liburua aurkeztu zuen egile nagusi bezala. Ikerketa horretan, Queralt Solé, Enara Garro eta Lourdes Herrasti ibilbide luzea duten adituen ekarpenak ere badatoz. Ione Zuloagak, Euskal Herriko Unibertsitatean doktoretza egiten dihardu, Emakumeen errepresioa gai hartuta. Zenbait hitzaldi eta kongresutan parte hartu du azken urteetan.