-Denboraren zubia- Liburuaren aurkezpena. Iñaki Iturain egilearen eskutik

Urriak

25

Octubre

2024

18,00 H.

Doako sarrera 

Entrada gratuita 
 

 

  AULA / GELA

"Denboraren zubia" liburuaren aurkezpena

Iñaki Iturain Azpiroz egilearen eskutik

Pat Cowiek zuzenduko du saioa

 

 

Franco hil ondoren izan zen trantsizio politikoan kantu bat zabaldu zuten, hauxe zioena “Dicen los viejos que en este país hubo una guerra”. 1977 inguru hartan dagoeneko urruti ikusten zuten 1936ko gerra, edo ahaztutzat jo nahi zuten. Geroztik 49 urte pasatu dira. Aurtengo udan hil da azken gudaria, Mateo Balbuena, 110 urterekin. Dagoeneko ez da geratzen inor Euskal Gudalostean gerra egin zuenik. Gerran ibilitakorik ere, seguru asko ez.

Gure aita zenak parte hartu zuen gerra hartan. Zorionez, tirorik jo gabe itzuli zen etxera. Esan ohi denaren kontra, beste askok ez bezala, tabu bihurtu baitzuten gerrarekin lotutako guztia, gure aitak kontatzen zizkigun gerrako istorioak: Ebroko bataila odoltsua, han zenbat hildako izan ziren, orduko bonbardaketak…; baina kontatzen zituen baita ere gure herrian (Orion) gertatutako kasuak: erreketeak herrian sartu aurretik nola joan ziren herritar asko, batez ere gizonezkoak, Iparraldera itsasoz, barkuetan; nola Asturiasetik etorritako dinamiteroek bota zuten ibaiaren gaineko zubia; gorriek nola fusilatu zuten herriko falangista bat haiek herrian sartu baino lehen; nola gero falangistek hil zuten herritar bat, hura Iparraldetik itzuli berritan; nola etxe batean irratia jartzen zuten balkoian, herritarrek beheko plazatxotik gerrako albisteak entzuteko eta horrek gero etxeko nagusiari nolako arazoak ekarri zizkion; nola bere aitaren anai bat Iparraldera joan eta ez zen inoiz itzuli…

Gerra handiaren barruan gerra txiki asko pizten dira, matriuska batean bezala. Istorio horiek denek erakarrita, ikerketa egin nuen: artxiboak eta hemerotekak aztertu nituen, eta batez ere herritarren testigantzak bildu, eta orain dela hamar urte liburu bat plazaratu nuen (Gerra bat barruan degula), historia alorrekoa, eta han eman nuen gerrak gurean utzitako uberaren berri.

Baina lan hori bukatzearekin batera, gelditu zitzaidan zenbait gauza jakiteko grina asegabea, gertaerak zergatik eta nola etorri ziren, alde ezkutua ezagutzeko harra. Ordurako berandu zen, protagonistak hilak ziren denak. Ez nuen jakin nola arraio lortu zuen etxekoandreak etxeko balkoitik herritarrentzat irratia pizten zuen bere senarra bizirik ekartzea etxera kanpamentu militarretik, soldaduek hara fusilatzera eraman ondoren. Ez nuen jakin zergatik gertatu zen nire aitonaren anaia Donibane Lohizunen betiko. Ez nuen jakin nondik nora ibili zen herritik Iparraldera ospa egin zuen arrantzalea Bigarren Mundu Gerra hasi zenean nazien kontrako borrokaldietan; ibili zela bai, baina nola ez…

Eta konturatu nintzen hori literaturak bakarrik erantzun zezakeela, fikzioak, benetako gertaeretan oinarritutako istorio asmatuak. Eta bide horretan abiatu nintzen orduan, orain hamar urte. Eta hainbat ipuin, istorio edo narrazio sortu ziren.

Urtetan ibilia nintzen ordurako kazetaritza lanetan, zenbait aldizkaritan. Eta zubitxo bat eraiki behar izan nuen nire baitan, kazetaritzatik literaturara igarotzeko, gerrako aldi urrun hura oraingo gure aldi honetara ekartzeko. Egunero ibiltzen naiz herriko zubia pasatzen, oinez edo bizikletaz, gu herriaren beste aldean bizi baikara, eta joan-etorri horietan egiten dut gogoeta, errioaren gaineko zubian, bi aldeak eta bi aldiak alderatuz.

Kostatu zitzaidan pauso hori ematea, urteetako lana izan zen niretzat. Muga lausoak daude kazetaritza eta literaturaren artean: pertsona eta pertsonaia, errealitatea eta fikzioa, egia eta egiantza, historia eta istorioak… erraz nahasteko arriskua dago eremu horretan.

Liburuak zazpi istorio ditu. Lehenengo seiek gerra eta gerra-osteko Orizar, kostaldeko arrantzale-herria, dute kokaleku eta atrezzo. Protagonista ia denei gerra etorri egin zitzaien, kanpotik, bat-batean ia, ilunabarra etortzen den bezala, orain arte eguna zen eta orain gaua da, orain arte bakean ginen eta orain gerran. Gerra hasi zen egunera arte, haiek ezin zuten imajinatu ere egin hura gerta zitekeenik, kanpotik etorritako tsunami erraldoi baten antzera irudikatzen dut nik gerra hura herritar haietako gehienentzat. Ez zen herri barruan egosi. 

Eta haren aurrean, bakoitza ahal izan zuen moduan moldatu zen. Batzuen jarrera eta jokaera ezagunak ditugu, beste askorenak ez. Herritar horiek egoera tamalgarri hari emandako erantzunak dira liburuan agertzen direnak, neurri batean asmatuak, fikziozkoak. Haiek dira liburuko protagonistak, baita zazpigarren ipuinekoak ere. Azken ipuin hori 60ko urteetan kokatuta dago, beste gerra baten atarian, gatazkaren lehen zantzuak antzematen hasi ziren garaian.

`Denboraren zubia´ du izena liburuak. Zubia bota zuten gorriek orduan, gero gorriek berreraiki behar izan zuten, derrigorrean. Garai hartan zubi asko bota eta erori ziren. Orain, liburu hau ere zubia da, denboraren zubia, garai hartako beldurrak, izugarrikeriak, eta gizatasunez blaitutako istorioak gaur egunera ekartzeko.

“Literaturaren handitasuna denbora eta espazioa gainditzeko duen gaitasunean datza”. Horixe dio Luisa Carnes-ek `Juan Caballero´ bere nobelan 1942an kokatuta, makisen partida baten ibilerak azaltzen duen liburuan.

Gezurra beti izan da arma handia gerra guztietan. 1936ko gerraren garaian zabaldu zen irratiaren bidez gezurrak esatea, komeni zena adieraztea eta komeni ez zena isiltzea. Gerora, beste horrenbeste egin zuen Hitlerren Alemania naziak, Joseph Goebbels propaganda-buruak antolatuta: Kaleetan bozgorailuak ipini eta jendea mezuak entzutera behartu, zigorrarekin mehatxatuz, eta atzerriko irratia sintonizatzea debekatu, heriotzarekin zigortuz. Naziek irratiaren erabilera propagandistikoa muturrera eraman zuten, baina frankistek egindakoa hartu zuten abiapuntu, Francoren erregimenak izu-mezuak hedatu baitzituen uhinetatik.

Horregatik, irratiaren istorioak leku inportantea hartzen duelako liburuan, izenburura eramatekotan izan nintzen irrati hitza: `Irratiaren sarean harrapatuta´ ibili zitzaidan buruan. Baina azkenean, zubia nagusitu zitzaidan, alde batetik bestera eramaten duen zubia, nik aldi bateko istorioak oraingo aldira ekartzeko baliatu nahi izan dut liburua.

Zubia, metafora moduan, askotan erabili da literaturan. Holaxe egin zuen Anjel Lertxundik `Gogoa Zubi´ liburuan. Honako leloa zekarren hasieran: `Izenetik izanera, gogoa zubi´, euskara biziberritzeko euskaldunon ahalegin kolektiboa gogoan zuela. Hauxe zioen Anduren liburuaren aurkezpenean Joserra Gartziak: “Sarritan egina du Anjel Lertxundik, gogoaren zubian barrena, izenetik izanerainoko bidaia. Izan ere, hori bera da fikzio-eraikitzaile batek ezinbestez zeharkatu behar duen zubia, abstrakzioaren basamortu izoztutik ideia eledunaren epelera igarotzeko. Irakurleak, gero, alderantzizko bidaia egingo du, baldin eta narratzaileak gogoeta eta emozioa otzeko hari nahikorik irun badu”. Horixe nahi nuke nik ere: liburu honetako istorioetan kontatutakoak irakurleari gerra haren gaineko gogoeta sortaraztea.

Iñaki Iturain

 

Egilea

Iñaki Iturain Azpiroz Orion jaio zen 1956an. Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Zientzietako ikasketak ditu eginak. EITB sortu aurretik, telebistarako esatariak prestatzeko, Donostian eratu zen eskolan ibili zen. Ibilbide profesional ia osoa euskarari lotutako lantegietan eman du, euskararen ezagutza, erabilera eta atxikimendua sustatzeko zenbait alorretan, irakasle eta teknikari: HABE, HAEE/IVAP, IRALE, eta EJko Hezkuntza Sailaren NOLEGA programan.

Idazteko zaletasuna izan du gaztetatik. Kazetaritza-lanak egin ditu, batez ere. Aia eta Orioko KARKARA herri-aldizkariaren sortzaileetakoa da, eta han aritu eta trebatu da idazten, 1989an sortu zutenetik, ehunka idazlan eginez. Artikuluak idatzi ditu hainbat hedabidetan: Argia, Euskaldunon Egunkaria, DVko Zabalik, Irutxulo, Karkara, Noaua, HABE, Itsas Memoria…

Zenbait liburu ere plazaratu ditu, bere jaioterriaren zenbait arlotan egindako ikerketetan oinarrituta: bertako euskararen ezaugarriak, historia, hango bertsolariak, arraunlariak…  2014an Memoria Historikoaren esparruko Gerra bat barruan degula liburua plazaratu zuen, 1936ko gerrari buruz.

Azken 10 urteotan jauzi egin du literaturaren eremura. Bertsoak eta ipuinak idatzi ditu; zenbait sari eskuratu ere bai. Gerrari buruz plazaratutako liburuan kontatu zituen giza istorioek barruan sortu zizkioten korapiloak askatzeko idatzi du oraingo liburua: Denboraren zubia.