Maite Saavedra Ordorika

Terra

2026/09/29 - 2026/11/01

Ogellan izan nintzen lehen aldian, harritu egin ninduen uharrien soinuak olatua iritsi zenean, eta egindako musika zalapartak erretiratzean. Harrien eta arroken formak eta kokapenak, denboraren lekuko isil gisa. Flyscharen laminen erritmoak eta egiturak, marea jaistean agertzen den harridura. Gero askotan itzuli naiz, handik ikusten dut infinitua, denboraren hasieratik errepikatzen den kulunka betierekoa. Gora eta behera dabilen marea, gupidagabea, egunean lau aldiz, egunero; olatuak etengabe uharrak urratzen, miazkatzen bezala.

Ozeano horren handitasunaren aurrean, Ogellak esanahi berezia du nire istorioaren intimitatean: pentsatu nahi dut nire birramona Florak, Bedaronatik, itsasoa bilatzeko txangoren batean jaitsiko lukeen lekua dela. Itsaso horrek ezkonberritan Idahora eraman eta bueltan ekarriko zuen, senarrarekin eta hiru seme-alabekin Lekeitiora bizitzera.

Nire amak txikitan jolastu zuen itsaso berbera, eta ondoren, familiarekin batera, Mexikora eraman zuena, erbestera, estatu-kolpe frankistaren ondorioz. Nire aititiak, Jose Ordorika kapitainak zeharkatu zuen ozeanoa, Errepublikaren zerbitzura egindako bere misio historikoan.

Nik itsasoaren beste aldea ezagutzen dut, han jaio nintzen, Mexikon, baina Ogellan kokatzean, latitude honetatik nire historia ezagutu dezaket, gaurdaino ekartzen nauen haria ikus dezaket, hemen. Eraman eta ekarri gaituzten olatuen gakoa. Hemendik eta handik, nire nazionalitate bikoitzaren kontzeptua sortu zen niretzat, mexiko-lekitxarra, bata bestea bezain indartsua. Gaur egun bi latitude hauen alaba naiz, bi kostalde hauen alaba; mexikarra euskaldunarekin uztartzen da, eta biak daramatzat ariman.

Terrak zentzumenen esperientzia bat izan nahi du eta hausnarketa intimo eta isila eragin nahi du; igotzen eta jaisten ari den olatu iraunkorrak entzuteak uharriak urratzen dituela dirudi, harrien eta harkaitzen formak eta moldeak, flyscharen erritmoak eta testurak eta uraren gainean inprimatzen diren zeruaren arrastoak. Miren Agur Meaberen hitzek laguntzen dituzte argazkiak, itsasoarekin zerikusia duten zatiak; horrela, poesiaren eta irudiaren arteko lenguia komuna sortzen da, bisitariaren aldartea txirikordatzen den bitartean.

 

MAITE SAAVEDRA ORDORIKA

Mexiko Hiria, 1963.

Ama lekitxarraren alaba, Madril eta bere jaioterriaren artean bizi da.

Komunikazioan lizentziaduna Unibertsitate Ibero-amerikarrean, diplomaduna argazkilaritza profesionalean, Sor Juanako klaustroan, Mexiko Hirian. Ikasketak Santa Fe Workshops, Mexiko Berria, Ipar Amerikako Estatu Batuak.

Argazkilari lanetan, nagusiki arlo editorialean, erretratuan, artxiboko argazkia eta arkitekturan aritu da. Hainbat lankidetza egin ditu, besteak beste: Mexikoko Unibertsitate Nazionalarekin, Unibertsitate Metropolitarrarekin, Arte Ederretako Institutu Nazionalarekin, Banco de Méxicorekin, Tecolote argitaletxearekin edota INICO Españarekin. 

Komunikazioaren arloan, telebista nazional eta nazioartekoan, albiste eta dokumentaletan, kultur alorrean, komunikazio instituzionalean eta marketinean aritu da.

Bakarkako eta taldeko erakusketak egin ditu Mexiko, Euskadi eta Kuban.

Bere lan pertsonala abstrakzioaren eta kolorearen ingurukoa da.